Castellano
    • Inicio
    • Noticias
    • Egungo epidemia baliagarri izango da autoritarismoa areagotzeko

    INICIO

    Egungo epidemia baliagarri izango da autoritarismoa areagotzeko

    “Está muy bien que nos informemos de lo que pasa en el mundo y leamos todas las noticias; pero esto no sirve de nada si no lo hacemos para tomar partido en algo e implicarnos en algo, para dar una respuesta"

    Adriana Guzmán *Representante Aymara del movimiento feminista antipatriarcal*

     

    2020/04/26 ARGIA (La Directa-ko elkarrizketa)

    SANTIAGO LÓPEZ PETIT

    FILOSOFOA ETA BARTZELONAKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLE OHIA

    Ohiturak eta bizitza nola aldatu daitezkeen, edota sistema kapitalistak krisi ekonomiko eta sanitario hau bere erara erabili ahalko duen aztertzea, COVID-19 garaietako eztabaida politikoetan eta sozialetan azaleratu diren auziak dira. 2014an, Hijos de la noche (Bellaterra) liburuan [Gauaren semeak, euskaraz], Bartzelonako Unibertsitateko filosofia irakasle Santiago López Petitek jada bazioen bizitza erronka bilakatzen dela herritarrak anomalia gisa hautematen direnean eta errealitatea aldatu asmoz, bizitzarekin hiltzeraino borroka egiten denean. Deleuzeren eta Foucaulten tradizioaren, zein Negri, Panzieri eta Trontiren Italiako marxismo heterodoxoaren eraginaz, larrialdi sanitarioak ireki ditzakeen eszenatokiei buruz hausnartu du López Petitek.

    Krisi sanitario egoera nahasmena ari da eragiten jendartean eta ekonomian. Zein testuinguru sozial, politiko eta ekonomikotan garatu daitezke birusarekiko beldur eta ikara erreakzioak?

    Lasai egon nahi badugu, baieztatu genezake birusak ezagutzera eman duela gizarte honek alor ezberdinetan –osasungintzan, ikerkuntzan, hezkuntzan…– funtzionaltasun arazo larriak dituela, eta erremedioak jarri beharko genituzkeela “denok batera”. Hurbilpen horrekin konformatu ezean, jazoera desatseginagoa onartu behar dugu: kapitalak eta botereak, elkarri bultzaka, lortu dute kanporik gabekoa eta bakarra den errealitatea eraikitzea. Piztiaren sabela da, zeinaren barnean bizi garen, eta guk geuk elikatzen dugu. Egun zeharkatzen gaituen eta hedabideek biderkatzen duten larritasuna, etengabe errepikatutako jakinarazpena da, aterabiderik ez dagoela esatera datorrena. Edo hobeto esanda: soilik Estatuak salba gaitzakeela gugandik.

    Europar Batasunean, estatu bakoitzak hartu ditu bere neurri propioak, bere printzipioak argi utziz eta birusaren hedapenari dagozkion ondorioekin. Gaur egungo krisiak eragin dezake kide diren Estatuen arteko harremanetan?

    Europar Batasuna garrantzia galdu duen baina oraindik ere kapitalaren interesak defendatzeko balio duen nazio estatuen koalizioa da: batez ere Alemaniarentzat onuragarria den politika ekonomikoaren ezarpena, mugen kudeaketa, eta abar. Krisi honek, neoliberalismoaren estatizazio berria egitean, nola edo hala, harremanak tenkatuko ditu, baina gutxi gehiago.

    Immunitariotik eta birikotik abiatuta, zirkulazio librearen gaineko kontrola ezartzen ari da. Pandemia honi aurre egiteko, justifikazio sanitarioa dauka autoritarismoak?

    Egungo epidemia baliagarri izango da autoritarismoa areagotzeko. Baina hitz hori, gure gizartean aplikatuta, betidanik iruditu zait txepela eta nahasgarria: ametsezko demokrazia baten nostalgia erakusten du. Demokrazia ez da existitzen; “demokratikoa den hori” existitzen da, eta continuum bat da, faxismo posmodernotik estatu-gerra bateraino doana. Lehenak ezberdintasunak kudeatzen ditu, bigarrenak etsaia identifikatzen du.

    Gerra garai honetan”, “denok gara soldaduak” edo “etsaiari aurre egin behar diogu” bezalako esaldiak ohikoak bilakatu dira klase politikoak eta hedabide askok darabilten hiztegian. Ze ondorio izan ditzake termino belikoen erabilerak?

    Ni neuk hitz egin dut koronabirusaz berau “gerra deklarazio bezala” hartuz, eta uste dut sarrarazi gaituzten fikzioa ongi deskribatzen duela. Gure biziak salbatzeko erabateko mobilizazioa jarri dute martxan. Hauxe da paradoxa: bizitzaren izenean egiten den gerra, etxean konfinatzean datzana. Funtsean, kapitalari oso gutxi inporta zaizkio gure bizitzak. Salbatu nahi duena da bizitza, baina algoritmo bezala ulertuta, hau da, gizartearen antolatzaile modura. Esan dezakegu bizitza-kapitalak bakoitza bere tokian kokatzen duela. Bizitza merkatua da eta merkatua bizitza da. Gu algoritmoaren terminalak besterik ez gara. Konfinamenduak arrakasta baldin badu, denbora luze atzeragotik bere marka propioa bilatzen diharduen “ni” batean konfinatuta gaudelako da, soilik mobilizazio makinaren pieza garen heinean. Koronabirusaren epidemia nahasteko indar iluna da, algoritmotik ihes egiten duen kutsatutako bizia da.

    Naomi Kleinek, “Shock Doktrina” lanean, kommozioa jotzen du gobernu sistema berri bat onartzeko momentu apropostzat. Espainiako Estatuan dagoeneko hasi dira herritarren mugimenduak taxutzeko proiektu pilotu bat lantzen, mugikorren datuen bidez. Birusa eragiten ari den kommozioak eragin dezake Txinakoaren antzeko erregimen polizial baten iritsiera?

    Ez halabeharrez. Baditugu gure ekarpen idiosinkrasiko propioak: ateari ostikoa, Mozal Legea… Atzo, mosso batek bizilagun batekin kalean hizketan ikusi ninduenean, oihu egin zidan: “Mugi zaitez!”. Ahaztuta neukala uste nuen hitz bat gogorarazi zidan. Botereak panpina errusiarren aztikeria bezala funtzionatzen du.

    Diseinatzen ari diren teknologiak funtsezkoak izango dira sistema kapitalista mantentzeko?

    Kapitalak, bere borondatearen kontra, langileen komunitatea eraiki zuen –fabrika barruan–. Hau kontrolatzeko disziplinak erabili zituen; jagoletza panoptikoa eta, bereziki, bizitza denboren bahiketa. Orain, koronabirusari esker, kapitalak aukera dauka komunitate horretatik oraindik geratzen zena desegiteko. Kontrol dispositiboa ja ez da bahiketa, telelana da. Internet eta telefono mugikorra, gailu horiek dira ahalbidetzen dutenak lana eremu politiko bilakatzea, beti izan den bezala. Baina gaur egun, botere hori aginte garbi bezala erabiltzen da, eta geroz eta zailagoa da bereiztea lan egiten, bizitzen ala obeditzen ari garen.

    Osasun krisi honen ondoren, askatasun indibidualaren ideia betiko alda daiteke? Zein modutan?

    Uste dut gure borroka ez dela askatasunagatik. Zer da askatasuna? Gure borroka gehiago da zapaltzen gaituen guztiaren aurka. Hasten den guztia itsua da. Bidea zabaltzen ari da itxaropena, izua zeharkatzeko.

    Nola eragiten die eta eragingo die COVID-19ak auzo eta klase apalei?

    Epidemiak ahalbidetu egingo dio kapitalari aldaketa geopolitikoak, globalizazioaren berregokitzea eta pentsatu ere egin ezin ditugun gauza gehiago inplikatuko dituen saltoa egitea. Nolanahi ere, eraldaketa horren albo-ondorioek argi eta garbi eragingo die egoera ahulenean daudenei, batez ere kapitalak baztergarritzat jotzen dituenei.

    Gure herri eta hirietan babes talde asko ari dira sortzen. Jendea adinekoei erosketak egiteko edo bizilagunaren txakurra paseatzeko antolatzen ari da. Uste duzu arau murriztaileekiko erresilientziaren edo elkartasun adibideak direla? Konfinamendua bukatzean jarraitu ahalko dute?

    Ederra da teilatura igo eta zure bizian inoiz ikusi ez duzun jendea agurtzea, edo agian laguntza behar duen auzokide batekin hitz egitea. Normaltasuna beharrezkoa da eta, aldi berean, maltzurra. Berau habitatzeko modu sortzaileak asmatu beharko dira.

    Gordon Lichfield analistak aurreikusten duenez, bizia ez da lehen bezalakoa izatera bueltatuko inoiz. Ohitu egin beharko gara konfinamendu sasoi luzeetara, harreman birtual gehiagotara eta politikoki beste modu batera antolatzera. Zer uste duzu?

    Politikariaren estatutua koronabirusa iritsi baino lehen ere pentsatzea zaila bazen... orain? Epidemiak despolitizazio ikaragarria eragin du heriotza naturalizatu egiten duelako, konfinamendu espazioak berdintzen dituelako… Nire iritziz, erronkak berdina izaten jarraituko du: existentziaren politizazioa nola pentsatu. Gehigarri garrantzitsu batekin: makina kapitalista aldi baterako gelditu ahal izan bada, zergatik ez gara saiatzen amesgaizto honen etengailuak izaten, algoritmoaren terminalak ordez?

    ENLACE: 

    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2683/santiago-lopez-petit-filosofoa-eta-bartzelonako-unibertsitateko-irakasle-ohia

    FaLang translation system by Faboba