Castellano
    • Inicio
    • Noticias
    • "Kurduek mundu osoaren mesedetan egindako lana izan zen ISIS militarki garaitzea"

    INICIO

    "Kurduek mundu osoaren mesedetan egindako lana izan zen ISIS militarki garaitzea"

    “Está muy bien que nos informemos de lo que pasa en el mundo y leamos todas las noticias; pero esto no sirve de nada si no lo hacemos para tomar partido en algo e implicarnos en algo, para dar una respuesta "

    Adriana Guzmán *Representante Aymara del movimiento feminista antipatriarcal*

    ZEINAB MURAD. KURDISTANGO KONGRESU NAZIONALEKO LEHENDAKARIKIDEA

    Zeinab Murad (Bagdad, Irak, 1968) kazetaria da izatez, baina bere jarduna tarteko, orain hamarkada bat pasa erbesteratu behar izan zuen. Suedian bizi da egun, nahiz eta begirada Kurdistanen jarria duen. Urritik lehendakarikidea da KNK Kurdistango Kongresu Nazionalean, territorio kurdua zatitzen duten lau estatuetako zein diasporako alderdiak eta elkarteak biltzen dituen antolakundean. Jatorriz Feylia izanik, borrokan aski zaildutako komunitatearen parte da. 70eko hamarkadan, Ahmed Hasán al Bakr gobernuburu zela, Irakek milaka Feyli kanporatu zituen, irandarrak zirela argudiatuta. 80ko hamarkadan jazarpenari jarraipena eman zion Sadam Husseinen erregimenak, eta Iranen eta Iraken arteko gerraren testuinguruan, Feilyen komunitateak errepresio gogorra pairatu zuen; familian bederatzi atxilotu izatera iritsi zirela azaldu du elkarrizketatuak. Jazarpena eta erresistentzia, biak bizi izan ditu lehen pertsonan Muradek.

    Bilbo Zaharreko plazan egin dugu hitzordua berarekin. Eusko Legebiltzarrean izana da bezperan, herri kurduarekin adiskidetasuna eta lankidetza bultzatzeko taldeartekoak gonbidatuta, “Herri kurduaren egungo eta etorkizuneko egoera” hizpide. Kafe baten bueltan Kurdistango egoeraz mintzo garen bitartean, Luxenburgotik Estrasburgora bidean da Abdullah Öcalanen askatasuna aldarrikatzen duen martxa. Muraden iritziz, “mundu zabaleko iraultzaileak” ohartu dira Konfederalismo Demokratikoa gaur eguneko arazoen aurrean alternatiba eta aterabide izan daitekeela, eta hargatik egiten dituzte martxa eta gisako ekimenak, “proiektu demokratiko hori babesten duenak bai baitaki nork sortu zuen”.

    Berak ordezkatzen duen KNK ere Öcalanen iniziatibaz sortu zen, atxilotu zuten urte berean, 1999an; erakundeak batasuna zuen xede hasieratik, eta egun Kurdistan zatitzen duten lau nazioetako 44 alderdi eta elkarte biltzen ditu. “Abdullah Öcalan jada ez da lider kurdu soila, filosofoa baizik, zeinak landu dituen tesiak, analisiak eta Ekialde Hurbileko zein Kurdistango gatazkei aterabidea eman diezaiekeen proiektua”, dio Muradek.

    Konfederalismo Demokratikoa da proiektu hori. Estaturik gabeko paradigma soziala, jendarte antolakuntza autonomoa eta demokratikoa aldarrikatzen duena, emakumeen askapena eta ekologismoa ardatz hartuta. “Egia da proiektu honen abangoardia kurduak direla, baina inguruetako bestelako herriek, etniek eta erlijioek ere bat egin dute beronekin, sistema horretan parte hartzen ari dira. Autogobernu demokratikoaren administrazio pean dagoen eremua izan da, gatazkak eman izan direnean, arazoak konpontzea eta lasai bizitzea ahalbidetu duen eremu ziur bakarra”, azaldu du Muradek. “Ekialde Hurbilean daukagun aterabide demokratiko bakarra da”, dio.

    Rojavan dago ereina proiektuaren hazia, eta ezinbestean iraultza forman ematen hasia zen fruitua, harik eta mundu ordena irauliko lukeen paradigma baten sorrerak kezkatuta, proiektua zanpatzen hasi diren arte. Turkiak ekin zion Siria iparraldearen aurkako (Rojava) ofentsibari, iragan urriaren 9an, “Bake Iturri Operazioa” deitu zuenaren bitartez. “Bai AEBek zein Errusiak, mundu mailako potentziak biak, argi berdea eman diote Turkiari erasoa gauzatu dezan, eta ondorioz momentu oso kritikoa ari gara bizitzen”, azaldu du Muradek.

    Turkiak kurduen aurkako oldarraldiari ekin zionetik hildakoen eta desplazatuen kopurua haziz doa etengabe. “Eremu horretan krisi humanitario larria ari da gertatzen”, azpimarratu du. AEBek eta Turkiak artean su-etena hitzartu bazuten ere, Recep Tayyip Erdoganek artilleria, misilak eta bonbak jaurtikitzen jarraitu duela azaldu du. Lurralde kurduan gertatzen ari dena III. Mundu Gerra dela azpimarratzen dihardute kurduek, eta hala dela argudiatu du Muradek ere: “Mundu osoko indar militarrak daude bertan. Nazioarteko koalizioa, AEBak, Errusia, Iran, Turkia… azken hau NATOren parte da gainera, honen babesa dauka”.

    Turkiak abiatutako operazioaren xedeei dagokienez, Erdoganen gobernuak esaten dituenak eta egiatan dituen asmoak kontrajarriak direla salatu du: “Turkiako Estatuaren propagandak dio segurtasun eremua ezarri nahi duela Siriako iparraldean, bere mugak babesteko, baina bere helburu erreala beste bat da; Turkia eremu hori okupatzen ari da”. Azaldu duenez, Turkia herrialdeko errefuxiatu siriarrak Siriako iparraldera eramateaz mintzo denean, eremua okupatu eta aldaketa demografikoak eragitea pentsatzen ari da: “Bertako jendea derrigortzen ari dira beren etxeetatik alde egitera, errefuxiatuak eramateko bertara, horietako asko jihadistak, zeinak Turkiako Estatuaren aldekoak diren”. Aldaketa demografikoaz gain, bestelako helbururik ere badela gehitu du: “Otomandar Inperioa eratu nahi dute berriz, mugak Turkiatik harago hedatuz”, dio.

    Turkia, Estatu Islamikoa berpizteko lanetan

    Arlo militarretik harago doazen ildo ezberdinak hartuak ditu gerrak, Muradek seinalatzen duen eran. “Turkiako Estatua ez da gerra fisikoa bakarrik egiten ari, gerra ideologikoa ere badabil gauzatzen”, dio. Modalitate bateko zein besteko gudan, Erdoganen gobernuak indargune du Estatu Islamikoarekin (EI) daukan aliantza. Adierazi duenez, Turkia okupatzen ari den eremuetan ari da gauzatzen gerra ideologikoa: “Eskolak sortzen ditu, Turkiako banderak jartzen dituzte horietan eta turkieraz irakasten zaie ikasleei, pentsamendu jihadista hedatuz (…) Errefuxiatuez baliatzen da, bereganatu egiten ditu jihadismora bihurtzeko, eta gero beste herrialdeetara bidaltzen ditu, Libiara kasu”.

    Gerra militarrari dagokionez, zera dio: “EIk herri kurduaren aurka egindako erasoetan erabakigarria izan da Turkiaren papera. Badira dokumentuak frogatzen dutenak Turkiak ISISeko (Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak) kideei laguntza eskaini ziela muga igaro eta eremuan sar zitezen”. Dokumentuek frogatzen dutenez, egun Rojavari eraso egiten ari diren soldaduak EIko kide izandakoak dira.

    Muradek azaldu du Siriako Indar Demokratikoak (SDF) ISIS militarki garaitu izanak haserretu egin zuela Erdogan; Raqqa hiria zen jihadisten azken gotorlekua, eta bertan menderatu zituzten. Mendeku gisa, Turkiak ISIS berriz suspertu nahi duela dio, ostera ere antolatzen hasi dadin. “Guk uste dugu ISISek jada ez duela bere menpe eremurik, baina mentalitate gisa bizirik dirauela; baditu zelulak lokartuta, ekintza terroristak gauzatzeko”, kontatu du.

    Pentsamolde jihadistaren epizentroetako bat ei da Al-Hol-eko kanpalekua. Milaka pertsona bizi dira bertan, horietako asko ISISeko familiak, eta beste asko “ISISeko kide izandako presoak”. Muraden arabera, autogobernu demokratikoari lanak pilatzen zaizkio, Turkiaren eta ISISek inguruetan dituen taldeen erasoen aurrean defentsa egiten duen bitartean, kontrolpean eduki behar baitu Al-Hol ere. Dioenez, kanpalekuan geroz eta gehiago ari baita erradikalizatzen jendea. “[Gerrillari kurduek] badakite Al-Hol-en gaineko kontrola galduz gero arriskutsu bilakatuko dela; ez bakarrik eremu horrentzako, baizik eta gizateria osoarentzako”, dio.

    Nazioartean erantzukizun falta

    Testuingurua hori izanik, “Siria iparraldeko autogobernu demokratikoaren ordezkariek nazioarteko komunitatera jo dute, eta hainbat gobernuri eskatu diete beren herrialdeko herritartasuna duten ISISeko kideen gaineko erantzukizuna izan dezatela”. Hainbat gobernuri beste proposamen bat ere helarazi dietela azaldu du Muradek: ISISeko kideak beren herrialdeetara bueltatzerik nahi ez baldin badute, ISISeko kide horiei nazioarteko epaiketa egitea Rojavan, nazioarteko behatzaileen presentziapean. “Tamalez, gaur artean herrialde batek ere ez du erantzunik eman autogobernu demokratikoaren eskariaren aurrean, eta beraiek ari dira ardura guztiaren kargu egiten”, azpimarratu du.

    Gatazkaren aurrean nazioartetik eman den erantzunen gainean egiten duten balorazioari buruz galdetuta, ondokoa erantzun du: “Hitzei dagokienez positibo, baina praktikari dagokionean, negatibo. Hitz politak besterik ez ditugu jaso”. Kontatu du hainbat herrialdek osatu zutela Estatu Islamikoaren Aurkako Nazioarteko Koalizioa, baina egiatan kurduek soilik egin ziotela aurre EIri. “Praktikan soilik SDF, eta batez ere YPG (Herriaren Babes Unitateak) eta YPJ (Emakumeen Babes Unitateak), borrokatu dira ISISen aurka. Kurduek mundu osoaren mesedetan egindako lana izan zen ISIS militarki garaitzea”, dio irmoki. Hori gutxi ez, eta behin kurduek EI militarki garaitu zutenean, “abandonatu” egin zituztela gaineratu du –milizia kurduak AEBekin batera aritu ziren EIri aurre egiten, baina urriaren 9an AEBetako tropak erretiratu egin ziren, Turkiari erasorako bidea libre utziz–.

    Muradek argi du: “[EIri aurre egitea] guztioi dagokigun eginbehar morala dela uste dugu, eta nazioarteak egiteko horri heldu behar dio”. Nazioarteak hartu beharreko posturen zerrendan beste bat ere gehitu du: “KNKtik etengabe ari gara eskatzen Siria iparraldeko autogobernu demokratikoa politikoki aintzatetsi dezaten, horrek arazo asko konpontzeko aukerak eskainiko bailituzke”.

    Hala ere, zintzoa izanik, aitortu du ez dutela esperantza gehiegi diplomazia politikoan: “Herri kurdu gisa ez daukagu inongo itxaropenik nazioarteko potentzietan, herrialde inperialistetan eta sistema kapitalistan. Herri kurduaren erresistentzian eta mundu zabaleko iraultzaileen babesean datza gure esperantza”. Diplomazia politikoaren aurrean, herri diplomazia eraiki gura dutela azaldu du, “jakin badakigulako herriekin bai kontatu dezakegula”. Bide horretatik ikusten du esperantzarako motiborik: “Espero dugu mugimendu sozialek eta politikoek, eta ezkerreko alderdiek, denak batera babestuko eta salbatuko dugula proiektu hau”.

    Erresistentziak emakume aurpegia du

    Siriako iparraldeak egun bizi duen aurkako testuinguruan ematen ari den erresistentziaren gainean galdegindakoan, hitzez adierazi ezin daitekeen zerbait dela dio Muradek. Erresistentzia bizitzako eremu guztietan ematen ari dela dio, hasi esparru militarretik eta egunerokotasuneraino. Antolakunde sozialak zein norbanakoak, denak erresistentzia lanean ari direla kontatu du, baina aitortuz badela nabarmentzen den jendarteko sektore bat: emakumeena. Emakumeek eta feminismoak funtsezko rola dute Rojavako iraultzan, “bai eremu militarrean, sozialean, politikoan zein ekonomikoan”. Eremu horien guztien antolakuntzan emakumeak ezinbestekoak direla azaldu du, eta horrek deserosotasuna sortzen diola Turkiaren moldeko estatu bati: “Batetik, emakumeen askatasunaz mintzo den herri bat dugu, zeinetan emakumeak ari diren proiektu berri bat gauzatzen; eta bestetik, pentsamolde patriarkala duen estatu bat dago. Turkiak ez du horrelakorik nahi ondoan”.

    “Horregatik doa [Turkia] emakumeen bila, eraso espezifikoak ditu emakumeei eraso egin behar dienerako”, azaldu du. Turkiaren indar militarrek jo puntua zabaldu dutela dio, azalduz YPJko gerrillari kurduak jada ez direla jomuga bakarra, eta egun ekintzaile sozial eta politikoak diren emakumeei ere egiten dietela eraso; adibidetzat jarri du Siriako Etorkizuna Alderdiko politikari Hevrin Khalafen hilketa.

    Beste behin, gerra orotan nola, emakumeen gorputzak gudu-zelai bilakatu dituzte. Muraden hitzetan, emakumeei beldurra diete, bizirik zein hilik egon: “Behin emakumeak hilda, horien gorpuen beldur jarraitzen dute. Hainbat bideotan ikusi dugu jihadistek eta soldatu turkiarrek nola hiltzen dituzten emakumeak, nola mutilatzen dituzten horien gorpuak, eta nola jasotzen duten hori guztia bideoan, ondoren zabaltzeko; horrela emakumeen aurkako gerra psikologiko moduko bat irabaziko balute bezala”.

    Alabaina, argi du horrek ez duela lortu Turkiaren xedea egikaritzea: emakumeak errenditzea, alegia. Erresistentziak tinko dirau, eta egiteko horretan adina ere ez da oztopo, azaltzen digunez Rojavako auzoetan geroz eta gehiago baitira armak eskuan auzoa zaintzeari ekin dioten adineko emakumeak. Herritarren Autodefentsarako Emakumeen Indarren (HPC-Jin, HPCren baitako egitura ez mistoa) baitan parte hartuz, kasu. “Geroz eta emakume gehiago ari dira kaleak hartzen eta antolatzen, emakumeak dira erresistentzia”, dio.

     

    ENLACE https://www.argia.eus/albistea/kurduek-mundu-osoaren-mesedetan-egindako-lana-izan-zen-isis-militarki-garaitzea

    FaLang translation system by Faboba