Euskara
  • ...

    HASIERA

    MUGAK ZABALDUZ KARABANA BERRIRO MARTXAN

    Nagore Gabilondo Vidaurre, Natalia Nilo Ferrari eta Irene Otal Larequi, Mugak Zabalduz Karabanako partaideak

    MUGAK ZABALDUZ KARABANA berriz ere martxan da, kasu honetan karabanak Euskal Herria zeharkatuko du gure lurraldetan ere migrazio politikak salatzeko asmoz. Izan ere, politika hauek arrazakeria eta xenofobian oinarritzen dira, eta inpunitate osoz hemen bertan eragin zuzena dute pertsona migratzaileen kalterako, bai arlo sozioekonomikoan bai legalean.
    2016ko uztailean Greziara lehenengo bidaia abiatu zen, Europako hainbat hirietan protesta antiarrazistak zabaltzen – Barna, Marsella, Milan…- Tesalonikan bukatu zen, eta bertan lau eguneko akanpada egin zen ”No Borders” plataformarekin batera. Era honetan, Europa gotorlekuaren aurkako salaketa hauek luzatu ziren: migrazio politika genozidak edo Turkia eta Marokorekin Europar Batasunak sinatzen dituen akordioak, mugen bestaldean giza eskubideak sistematikoki urratuz.
    Hurrengo urtean, 2017ko uztailean, Mugak Zabalduz Karabana Estatu Espainiarrean zehar Melillako Hegoaldeko Mugaraino iritsi zen. Bidai honetan Europar Batasunak baita Estatu Espainiarrak ezartzen dituzten migrazio politikak eta salbuespen neurriak salatu genituen. Hegoaldeko mugan askatasunez zirkulatzeko eskubidea zein harrera eskubidea bermatzen ez direla ikusirik, egoera anitzak salatzeari ekin genion: harresiaren bi aldeetan “beroan” egindako legez kanpoko kanporaketak ematen dira, eta emakume zamaketariek arrisku eta prekarietatearen artean lan egin behar dute. Bestalde, migratzaileak Europan sartzen diren unetik arrazismo instituzionala aplikatzen zaie, atzerritar legearen bitartez, honen adibide batzuk aipatu daitezke: Melillako MENAn kasuan (tutoretzarik gabeko adingabeak) adingabeen eskubideak urratzen dira; Tarifa eta Algecirasen dauden Atzerritarren Internamendu Zentroetan inongo deliturik egin ez duten pertsonak atxilotzen dira, eta bere itxiera exijitzen dugu; baita lan esplotazioa Almeriako negutegietan, kasu honetan haien borroka sindikala babestu genuen.
    Aurten, borroka honekin jarrituz, geografiako eremu hurbilean ardaztuko dugu migrazio politiken salaketa eta hauen aurkako mobilizazioa. Izan ere, hemen ere Europako arrazakeria eta xenofobiaren aztarnak aurkitzen dira. Hemen ere, instituzioek bidezkoa den bizilekua aukeratzeko eta zirkulazio eskubideak ukatzen dizkiete pertsonei. Hemen ere, erakunde politiko eta ekonomikoek kontzienteki parte hartzen dute gerrak eta populazio zibilaren heriotza eta atzerrialdi masiboa sortaratzen dituen armen industriarekin. Beraz, ez dugu barbarie honen makineria honen konplize izan nahi.
    Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu foko politikoa Euskal Herrian jartzea eta tokian tokiko aldarrikapena burutzea. Hori dela eta, Mugak Zabalduz Karabana antolatu da hainbat kolektiboen babesarekin: apirilaren 28tik 30ra, hainbat hirietatik pasako da, Hendaiatik abiatuz, Andoain, Iruñea, Tutera, Gasteiz eta Bilbon amaituko delarik. Toki hauetan hainbat kontu aldarrikatuko ditugu, esate baterako, Hendaiako Atzerritarren Internamendu Zentroa, bi estatuen mugan poliziak burutzen dituen migratzaileen aurkako bai kanporaketa sistematikoak bai “beroan” egindako kanporaketak, inolako legezko edo berme
    prozesalarik gabe kaltetutakoentzak. Horretaz gain, jatorri ezberdineko pertsonek egunero eta askotan bortizki pairatzen dituzten identifikazio eta sarekada arrazistak tinko salatuko ditugu – Elhadji Ndiayen Iruñean gertatutako heriotza gogoratuko dugu, Polizia Nazionalaren kustodiapean zegoenean identifikazio bortitz baten ondoren gertaturikoa –
    Karabanaren ibilbidea jarraituz, Tuteran izango da hurrengo geldialdia, hurbil dagoen Bardeetako Tiro Eremuaren aurkako protesta ozenki egiteko. Tiro Eremuan NATOk parteartzea du, Armada Espainiarrak baita Estatu Batuetakoak maniobra militarrak burutzen dituzten lekua ondoren gerretan ezartzen direnak eta milioka lagunen heriotza eta desplazamendu eragiten dituztenak. Ezin da ahaztu gure lurraldean armen eta segurtasunaren arloko industriak duen ardura gatazka internazionaletan, armak fabrikatzen, gure portuetatik esportatzen eta pertsonen zirkulazio eskubidearen aurkako lotsagarrizko harresiak eraikitzen.
    Gure instituzioek eragiten duten migrazioaren, bidegabekerien zein kriminalizazioaren aurrean ezin dugu beste aldera begiratu. Beraz, alde batetik pertsona guztientzako, edozein jatorria izanda, eskubideak bermatzeko politiken garapena exijitzen dugu. Beste aldetik, pertsona migratzaileen eskubideen zapalkuntzan oinarritzen den sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista honen desegitea bultzatu nahi dugu.
    Bukatzeko, herri eta pertsona ezberdinen arteko elkartasun sareak bultzatzea beharrezkoa dela ulertzen dugu, borroka antiarrazista indartzeko asmoz. Guzti honengatik, kolektibo zein lagun guztiei Mugak Zabalduz karabana honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, gurekin batera mobilizazioetan eta aldarrikapenetan esku hartuz, tokian toki antolatuta dauden protesta ekitaldietan. Mugarik gabeko elkartasuna zabaldu! Lotsaren harresiak apurtu! Eskubide guztiak pertsona guztientzat!

    FaLang translation system by Faboba