Euskara
  • ...

    HASIERA

    Mexikoko brigadak II

    Errepresioa, sistema kapitalistaren bortizkeria eta giza eskubideen urraketak pairatzen dituen Mexiko batean aurkitzen gara. Zapatismotak eta mugimendu autonomoek erresistentziatik alternatibak garatzen dituzte egoera hauen aurrean. Aldi berean, beste mekanismoak beharrezkoak dira prozesu hauek lagundu eta giza eskubide hauen urraketa salatzeko. Egun hauetan alor honetan lan egiten duten erakunde batzuk ezagutu ditugu: Frayba, San Cristobal de las Casasen eta CDH Digna Ochoa, Tonalan.

    Frayba Giza Eskubideen aldeko zentro erreferente bat da eta ondorengo ardatzak lantzen ditu: Herri indigenen lura eta lurraldearen defentsa, testuinguru armatu baten barruan herri indigena antolatuen eta estatuaren arteko garazka bake biderantz eramatea, justizia eskubidea eta borroka tortura eta errepresioaren aurrean. Lan hau aurrera eramateko Frayba 4 alorretan antolatzen da. Lehenengoa, aholkularitza eta laguntza, antolakuntzan eta alor juridikoan. Mexikoko justiziak gutxi batzuentzako balio duela jakinda, Fraybak komunitateetako erresistentzia eta antolakuntza prozesuak laguntzea eta indartzea lehenesten du. Beste alde batetik, giza eskubideen urraketa salatzen dute eta presio mediatikoa egiten dute. Honetaz gain, elkartasun internazionalaren alorrean Giza eskubideen behaketarako Brigada internazionalak (Bricos) dituzte. Hau da beraz, San Cristobalera iristen garenentzako komunitate indigenekin (zapatistak edo ez) dagoen loturetako bat.

    Momentu honetan laguntza internazionalen bidez 3 prozesuetan lan egiten ari da Frayba. Alde batetik, Lur eta lurralde gatazka batengatik Chalchihuitan eman zen 5000 pertsonen lekualdatze behartuan, eta bestetik, Acteal komunitatean edo La Realidad komunitate zapatistan ematen diren erasoen behaketan. Astelehenean, brigadista bezala formakuntza jaso genuen baina jende asko azaldu zenez komunitateetara joateko asmoarekin, San Critobalen proiektuak ezagutzen geratzea erabaki genuen. Bestetik Chiapaseko beste errealitate bat ezagutzea erabaki genuen eta gailurretatik kostara abiatu gara!

    Chiapaseko kostara (Tonala, Boca del cielo, Pueblo Nuevo) heltzeko, tenperatura aldaketak, 4 ibilgailu ezberdin hartzeak eta 2000 metro jaisteak, «dordokaren» erritmoa hartzen lagundu zigun “Paradisura” iristeko. EL paraiso kooperatiban, Blasek, Lupek, Lidiak, Anselmak, Diegok eta Pedrok zonaldearen errealitatera hurbildu gintuzten. Bertan, kooperatibaren lana, antolaketa eta kostako komunitateen borroka ezagutu genituen Consejo Autonomo Regional de la Zona Costa de Chiapasen bidez eta aurrerago CDH Digna Ochoa bisitatu genuen. San Cristobal bezain mediatikoa ez den errealitate bat baina oso interesgarria ere.

    Giza eskubideen defentsan borrokatu zen emakumearen izena hartzen duen Digna Ochoa zentroan egon ginen. Harrera bertako langileek egin ziguten eta 2009an kostako Consejo Autonomo Regionalaren erresistentzia eta borroka laguntzeko sortu zela adierazi ziguten. Lau ildo jorratzen dituzte. Lehenbizikoa sorrerarekin erlazionatuta dago, lurra eta lurraldearen defentsarekin hain zuzen ere (elektrizitatea eskubide bezala, megaproiektuen kontrako borroka, lur ejidalen pribatizazioarengatik sorturiko landa arazoak eta abar). Bestalde, indartsu dagoen beste ildo bat genero bortizkeriaren aurkako borroka da: kasu honetan, CDH Digna Ochoak Chiapas kostaldeko feminizidioen gorakadaren ondorioz, estatuak “genero bortizkeria salatzen duen alerta deklaratoria” onartzea lortu zuen. Egun, ildo honen barne genero bortizkeria pairatzen duten biktimen laguntza psikologiko eta juridikoan oinarritzen da eta estatuarengan presioa eragiten du bere konpromezuak bete ditzan. Azkenik, arriskuan dauden giza eskubideen defentsan lan egiten duten militanteak laguntzen ditu. Hiru ildo hauez gain 2017ko irailean gertaturiko sismoen ondorioz pairatutako sarraskiak eraginiko kalteen aurrean berreraikitze lanetan lagundu eta estatuak fondoen banaketekin izaniko korrupzioa salatzen jardun da.

    Egun hauetan ezagututako mugimendu eta pertsonek transmititu diguten ideiarekin gelditu gara: elkarlanak, komunitate, erakunde eta mugimendu autonomoen arteko saretzeak borroka eta erresistentzia prozesuak indartzen ditu. Baina, aldi berean, “Morena efektuak” eragin negatiboa eduki dezake prozesu honetan (kriminalizazioa, desmobilizazio arriskua, makroproiektuak mantentzea).

    FaLang translation system by Faboba